Euskara Hego Iruñerria

«Izpi berriez, eskola berria» leloarekin Sarrigurengo ikastetxea ari da
Sortzen jaia antolatzen. Maiatzaren 17an ospatuko dute festa. 20 urte
beteko ditu Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiak.
Sortzen jaia iragarri dute gurasoek eta elkarteko kideek.

«Izpi berriez, eskola berria» lelo aproposa erabaki dutela nabarmendu dute Sortzen elkarteko
kideek: «Sarrigurenek euskal eskola publiko berria behar du, oraingo
ikastetxean kabitu ezinik dabiltza haurrak». 992 haur ari dira
Sarrigurengo ikastetxe publikoan eskolak hartzen nahiz eta, 675
ikaslerentzat eraikitakoa den. «Ikastetxea zabaldu egin dute baina
horrek ez du arazoa konpondu, ikasgela gehiago sortu dituzte baina
komunak diren gelak berberak dira eta hortaz ez ditu baldintzak
betetzen», hala nabarmendu du Irati Askunze Sortzen jaiaren
antolatzaileetako batek.

Izpitxo izanen da maiatzaren 17an protagonista. Euskal
Eskola Publiko berria aldarrikatuko duen pertsonaia dela iragarri dute:
«Haizeak gogor jotzen duen herrian, eguzki izpiak ekarriko dizkigu
Izpitxok». Duela hiru urte hasi ziren Sarrigurengo gurasoak, haurrak eta
irakasleak ikastetxe berria behar zela aldarrikatzen.

Heldu den ikasturteari begira ere kezkatuta daude. 3 urteko 215
haurrek egin dute aurre-matrikula ikastetxean eta lekurik ez dago
denentzat. «Benetako irtenbideak behar ditugu arazoari aurre egiteko eta
horiek ez dira ikasgelak zabaltzearekin konpontzen».

Euskal Eskola Publikoaren jaiak, 20 urte

Egun osorako egitaraua ari dira osatzen. Dantza, musika, kale
ikuskizunak, antzerkiak, animazioa, tailerrak, kontzertuak … hiru
gunetan banatuko dituzte. Jaia iragartzeko abestia ere entzungai jarri
dute. Zwekere taldeak sortutakoa da.