Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa Martxoak 20an abiatuko da!

Aurten ere Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimena martxan jarriko du zenbait euskara elkarte, udal, liburutegi eta liburu dendarekin batera. 11. edizio hau, 2017ko martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31ra arte luzatuko da.

Aurten sekula baino herri gehiagok parte hartuko dute egitasmoan, eta lehenengo aldiz Iruñean ere burutuko da. Euskal Herrian 52 herrik parte hartuko dute eta Nafarroako hurrengo herrietan euskarazko liburuak irakurri, gozatu eta oparitzeko aukera izango duzue: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Larraintzar, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Doneztebe, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Iruñea,  Leitza,  Lizarra, Olazti,  Uharte eta  Zizur Nagusia.

Helburuak

Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Zertan datza?

-Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar duzu: izan daiteke haurrentzako liburu bat edota helduentzakoa.

-Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko duzu ondoren. Behin fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dizu, %35eko deskontuarekin liburu denda batean euskarazko liburu bat erosteko.

-Oparitu. Azken pausoa erositako liburu hori oparitzea da: senide bati, mintzalagun bati, edo nork bere buruari.

1001 munduz gozatzeko prest? Liburutegira joan eta abentura berri bat hasi dezakezu!

ANIMATU ZAITEZ!

Informazio gehiago nahi baduzu sakatu hemen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.