Emanaldiak, bisita gidatuak eta aurkezpenak, ‘Nafarroako ondarearen guneak’ jardunaldiaren egitarau kulturalean

NABARRALDE FUNDAZIOAK ETA EUSKO IKASKUNTZAK ANTOLATUTAKO JARDUNALDIA HILABETE HONETAN ZEHAR OSPATUKO DA.

“Nafarroako ondarearen guneak” jardunaldiaren baitan, Nabarralde Fundazioak eta Eusko Ikaskuntzak egitarau kultural zabal eta anitza antolatu dute urrian zehar, doakoa eta irekia izanen dena.
Joan zen astean Tuteran ospatutako mahai-inguruaren ondoren, bihar jarraituko du egitarauak aurrera, Iruñeko Golem Baiona zinemetan emanen den “Dantza” pelikularen emanaldiarekin.

Telmo Esnalek zuzendutako pelikula bizitzaren zikloari buruzko istorio bat da, bizirik irauteko borrokarena, dantza tradizionalen unibertso hipnotikoari dagokiona. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat da. Emanaldiaren ondoren, filmean parte hartu zuen Juan Antonio Urbeltz folkloristarekin hitz egiteko parada eskainiko da.

Urriaren 10ean eta 17an, 18.00etan, bi bisita gidatu eskainiko dira Iruñeko alde zaharrean. Ostegun honetan, hilaren 10a, Kike Diez de Ulzurrun izanen da gidaria, “Iruñea, euskaldunen hiri buruzagia” izenburupean eskainiko den bisita gidatuan. Mendez mende, euskarak eta iruindar euskaldunek hirian utzitako aztarna ezagutzeko parada eskainiko da bertan: euskarari lotutako karrikak, etxeak, gizon-emakumeak, liburuak, ekimenak… Datorren ostegunean, hilaren 17a, Peio Iraizozek gidatuko du bisita, gazteleraz, nafar hiriburuko alde zaharreko memoria gune garrantzitsuenetan barrena. Bisita gidatuak doakoak dira, baina lekuen muga dela eta aurretiko izen-ematea beharrezkoa da, Nabarralderen webgunean.
Larunbatean, urriak 12, Artetako Iruñeko Erresuma Museo Etnografikoak bere ateak zabalduko ditu Elur Ulibarrenak eskainiko duen bisita gidaturako.

Bertan, museoak Fantikorena etxean 1986tik duen bilduma ezagutzeko parada eskainiko da, Ulibarrena familiak zaindu eta kudeatzen duena.
Datorren astelehenean, urriak 14, Iñaki Sagredo arkeologoak komisariatutako “Viana eta Sonsierrako defentsa-sistema” erakusketa zabalduko da Iruñeko Civican aretoko sarreran. Panel eta bideoez osatutako erakusketa hilabete amaiera arte egonen da ikusgai bertan.
Egitarau kulturalarekin aurrera jarraituz, datorren asteazkenean, urriak 16, iaz Nabarraldek argitaratutako Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak komikia aurkeztuko da Zaldiko Maldiko elkartean, Miren Mindegia egilearekin. Bertan izanen da Amaia Nausia historialaria ere, Inkisizioaren biktimak izan ziren emakumeen inguruan hitz egiten.
Azkenik, urriaren 27an, Auritzera irteera gidatua eginen da, Bunkerren Ibilbidea delakoa ezagutzeko helburuarekin. Donostia eta Iruñetik irtengo da Koldo Villalba de Diegok gidatuko duen irteerarako autobusa, eta beharrezkoa da izen-ematea (15 euro autobusa soilik hartzen bada, 25 euro autobusa eta bazkaria hartuz gero).
Jardunaldiaren antolakuntza laguntzaileei esker bideratu da: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Diario de Noticias egunkaria, Iturralde eta Beterri elkarteak, Dinamik Zerbitzu Kulturalak enpresa, Iruñeko Erresuma museoa eta Hernani Errotzen elkartea.

Print Friendly, PDF & Email

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.