Harremanak konfinamendu garaian. Elaide.eus

Gizakia izaki soziala da. Baina… nola izan izaki sozial itxialdi garaian? Teknologia berriek etxetik kanpo daudenekin harremanak izateko hamaika aukera ematen dizkigute. Hemen dituzue aukera batzuk.

Itxialdiak ohitura berriak ekarri ditu gure etxeetara. Orain arte telefonoa zen kanpokoekin genuen harreman bide nagusia, baina, bi asteko itxialdiaren ondoren, indarra hartu dute bideo-deiak eta bideo-konferentziak egiteko aplikazioek.

Beharrak ez dira beti berdinak: batzuetan, gertuko pertsona batekin hitz egin nahi dugu (bisitatu ezin dugun aitona-aminarekin, faltan botatzen dugun lagunarekin…); beste batzuetan, talde handian hitz egin nahi dugu (kuadrillakoekin, mintzakideko lagunekin…); beste batzuetan, berriz, bilera egin behar dugu (lanean, ikastetxean, euskaltegian…). Ea zure beharretara egokitzen den tresna aurkitzen duzun. Hona hemen aukera batzuk:

WhatsApp

Mezuak bidaltzeko aplikazio arrakastatsuenetakoa da. Bideo-deiak egiteko aukera ere badu, gehienez ere, lau pertsonako taldetan. WhatsApp-en web bertsioan ezin da bideo-deirik egin. Beraz, mugikorra erabili beharko duzu horretarako.

Messenger

Facebook sare sozial erabiliz gero, Messenger bideo-deiak egin ditzakezu. Erraza da. Deiak Messenger taldeak erabiliz egin daitezke edo, besterik gabe, deien botoiari emanez. 50 pertsona arte konektatu daitezke aldi berean, baina horietatik 6 bakarrik ikusiko dira kameratik. Mugikorrean edo web orrian erabili daiteke.

Skype

Deiak eta bideo-deiak egiteko aplikazio ezagunenetarikoa  da. Doako bertsioan, gehienez ere, 10 pertsonak parte hartu dezakete aldi berean (ordaindutakoan 50). Deiaren kalitate onagatik nabarmendu da, bai bideoari, bai audioari dagokionean. Mugikorretik edo ordenagailutik sartu daiteke, baita web orritik ere, azken kasu horretan, aplikazioa deskargatu beharrik gabe.

Jitsi Meet

Jitsi plataforma oso egokia da talde-bilerak egiteko. Web orrian sartuta erabili daiteke, aplikaziorik deskargatu edo erregistratu beharrik gabe. Mugikorrean, berriz, aplikazioa jaitsi behar da. Doako aplikazioa da eta ez du ordaindutako bertsio hobeagorik.

Bideo-deiak egiteko urrats erraz batzuk eman behar dira:

  1. Sakatu Hasi deia botoia.
  2. Bideo-deiaren izena sortu (Adb. Elaide).
  3. Izena jarritakoan, deiaren leihoa irekiko da. Kamera eta mikrofonoa erabiltzeko baimena eman behar da.
  4. Eskuineko aldean informazio botoia dago (i). Bertan aurkituko dugu deiaren lotura, taldekideei bidaltzeko. Pasa-hitza jarri daiteke taldekoa ez den inor sartu ez dadin.
  5. Ezkerreko aldean aukera gehigarriak daude: gure pantaila partekatu, taldearekin txateatu, eskua altxatu (hitz egiteko)… Bideo-konferentzia hasi duenak moderatzaile lanak egin ditzake (audio batzuk desaktibatu, bideo-deia grabatu, streaming bidez zabaldu…). Microsof Officen luzapenak aktibatzeko aukera ere ematen du, parte-hartzaileen artean dokumentuak partekatzeko.

Horiek aukera batzuk besterik ez dira. Badira beste asko: HangoutsInstagramMeetZoomHouseparty eta beste hainbat.

Elaide.eus

Print Friendly, PDF & Email

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.