Pasa den larunbatean, abenduaren 4an,  Durangoko Azoka bilakatu zen Euskal herriko hainbat txokotatik heldutako Mintzalagunen, Berbalagunen, Solaslagunen eta Mintzakideen topaleku

 

2018an  antolatu  zuen lehendabizikoz Euskaltzaleen Topaguneak  Euskal Herriko Mintzaparktika egitasmoetako kideentzat egun pasa Durangora.

Euskaraldiaren lehen edizioa amaitu berri zen orduan eta, Egin Jauzi lelopean, Hondarribiko Abiyuan txarangarekin mintzapoteoa eginez, hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko mintzapraktika egitasmoetan parte hartzeko deia zabaldu zuten. 

Baina bai orduan, baita aurten ere,  Azoka bisitatzea izan da  irteeraren oinarria. Batzuentzat Azoka bisitatu duten lehen aldia izan da eta horixe da irteera honen  helburuetako bat: euskal sorkuntzaren plaza hau ezagutu eta euskarazko kultur eskaintza kontsumitzen hasteko bide ematea. Gainera, sortzaileak aurrez aurre ezagutzeko aukera paregabea izaten  da Mintzalagunentzat. Aurten ere hauetako askoren lanak eta beraiek ezagutzeko aukera izan dute eta beraiekin hitz egiten ere izan dira:

Ibon Martin, Onintza Enbeita, Nabarraldeko kideak, Gatibuko kideak,  Korrontziko Agus Barandiaran, Kalakanekoak. Eskerrik asko guztiei, sekulakoa da zuekin egun hau partekatzea!

Durangora iritsitakoan irteerako antolatzaileak banatutako MintzaPoza poltsak euskarazko produktuz bete zituzten bisitan zehar eta, horrela, irteeran,  talde argazki elegantea atera genuen poltsak bete-bete!

Azokako bisita amaituta, lauko taldeetan banatu eta MintzaPoza ginkanan aritu ziren gero Durangon elkartutako lagunak. Mugikorrerako aplikazio baten bidez, hainbat proba egin zituzten Durangoko txokoak ezagutuz. Taldeak herri ezberdinetako kideekin osatu zirenez, elkar ezagutzeko aukera paregabea izan zen.

Ondoren, elkarrekin bazkaldu zuten eta 2022rako planak ere egin ziren kafe orduan: otsaila/martxoan egingo dugu sagardotegia eta pentsatzen aritu ginen  hura non egin, 2022ko Mintza eguna non izango den… Gogotsu daude Mintzalagunok berriz elkar topo egiteko ekintzaren batean eta arratsaldean bakoitza bere autobusera bideratu aurretik horrela agurtu zuten elkar: Sagardotegira arte!!!

Egun pasa polita Durangokoa, datorren urtean berriz!!