2016-01-12

GURASOLAGUNA

Zer da Gurasolaguna?

Mintzapraktika lantzeko ikastetxe bereko gurasoak biltzen dituen egitasmoa da gurasolaguna. Egun, hainbat ikastetxek hartzen dute parte Iruñerriko Mintzakideren aldaera honetan.

Egunero, astelehenetik ostiralera, umeak ikastetxean dauden bitartean edo ostean umeak zaintzen elkarrekin ematen ditugun orduak asko izaten dira.
Zergatik ez ordu horiek euskararen alde inbertitu?
Gurasolagun egitasmoak denbora horri etekina atera eta euskara bultzatzeko aukera ematen digu. Gainera, dohainikda, eta eskatzen den gauza bakarra euskaraz hitz egiteko gogoa.
Nola egin dezakegu?
Gurasoon artean talde txikiak sortuz, euskaraz dakitenak eta ikasten ari direnak elkartuz. Talde bakoitzak jarritako ordutegi eta egunetan, euskaraz hitz egiteko.
Zer lortu nahi dugu?
Ikasten ari diren gurasoei euren euskara-maila hobetzeko aukera ematea.
Gure lagunartea zabaltzea eta gurasoen arteko giroa euskalduntzen joatea.

Kasu gehienetan, ordutegi arazoak tarteko, ikastetxe ezberdinetako amatxo eta aitatxoak nahastu behar izan ditugu. Baina badira talde propioak ere. Filosofia horri eutsi nahi diogu eta, horregatik, Ermitaberri, Paz de Ziganda, Ezkaba eta Mendialdea  ikastetxeetan kanpaina berezi bat jarri dugu martxan!

Gurasolaguna egitasmoa indartu nahi dugu ikastetxe hauetan, hau da, bertako gurasoek osatutako talde propio berriak sortu nahi ditugu.