Txillardegiren klika. Dokumentala.

Txillardegiren Klika osatzeko, 14. KORRIKAk Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho. Dokumental berri horren ardatza elkarrizketa hartako irudi gordinek osatuko dute, nagusiki: han jorraturiko gaiek dokumental honetan jaso nahi direnekin bat egiten dutelako. Txillardegi, bere horretan, gustura eta natural ageri delako, kamerarik ez balego bezala. «KORRIKAk KORRIKArako egina izateak magia-ukitua ematen diolako», diote arduradunek.

14. Korrika hark Ni ere bai leloa zabaldu zuenak, euskara ikasteko urratsa egindako jendea omendu nahi izan zuen. Oraingoan, KORRIKA urrunago doa, Klika leloaz eskatu nahi baitu euskara erabiltzeko, euskaraz ahalduntzeko, euskararekin inplikatzeko, eta, noski, ez dakienak euskara ikasteko. Horregatik guztiagatik omenduko du Txillardegi: euskaldun berri zahar hura (berak zioen bezala) erabakigarria izan da euskararen historiako azkeneko mende erdian.

Elkarrizketa hura oinarri, bestelako artxibo ugari eta protagonista zenbait tarteko, (Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Joxe Azurmendi, Miren Azkarate, Ibon Sarasola eta Laura Mintegi, esaterako), baina Txillardegi beraren ahotsa ardatz: hara hor Txillardegiren Klika dokumentalaren osagarriak. 

Korrika Kulturala.