Udaberriko planak II: ipuin-paseoak Estellerrian

Eguraldi gozoa iritsi da eta bada garaia Nafarroan barrena hamaika plan egiten jarraitzeko. Eskaintza ez da txikia, baina oraingoan proposamena zinez da berezia. Ibilaldiak eta ipuinak uztartuko ditugu!

Jakina da zein onuragarria den etxeko txikiei ipuinak kontatzea: lotura afektiboa, barrura begiratzeko aukera, hitzen esanahiak, hitz berriak, irudimena, jakin-mina eta, batez ere, ipuinak gozamena dira. Eta zer esanik ez mendi ibilaldiak familian egitea, lautadan edo gailurretik tontorrera, luzeak edo motzak, osasuna eta askatasuna, kirola eta natura, kanpora begira arnasa hartzeko aukera.

Bada, zergatik ez biak uztartu? Oteitza, adibidez, hainbat ipuinen eszenatokia da. Hori dela eta, aukera bikaina eskaintzen du ipuinak kontatzeko eta haraino bertaratzeko haurrek ipuinaren istorioa gertatu den tokia bertatik bertara ezagutu dezaten, sinesgarritasuna eta magia ahurka irabaziz. Gainera, ibilbidean gabiltzala bertako paisaia eta toki-izenak probestuz, ipuinaren istorioa luzatu ahal da, bukaera aldatu… ala berritik asmatu.

Oteitza, Iguzkitzaibar

Bazen behin Oteitzako Bazekodorrean
Lizarraldeko Oteitzak ez du debalde Iguzkitzaibar abizena, uda girorako baino, udaberri edo udazkenerako baita aproposa ibilbide hau. Bertan ortzimugarainoko soro eta zelaietatik garamatza, garai bateko artzain eta mahastizainen etxola eraberrituak, uharka berreskuratuak (ura biltzeko deposituak) eta aztarna erromatarrak. Hain zuzen ere, etxola hauetako baten barruan proposatzen da Maddi protagonista duen bideo-ipuina ikustea.Ibilbideari buruzko xehetasunak:

  • Bi aldaera ditu, luzea (zortzi kilometro) eta motza (lau kilometro).
  • Bidea markatu gabe dago, baina erraza da pista jarraitzea. Hemen mapa eta Bazekodorrea etxolaren kokapena (42.614008, -1.927042).

Oteitzako lautadek eta pistek aukera bikaina ematen dute ibilbide luzeagoak egiteko, bizikletan probatu nahi? Hemen uharken ibilbidea, 19 kilometro dira eta bidean zaharberritutako zortzi uharka bisitatu daitezke, baita San Tirso baseliza eta Bazekodorrea bera ere!








Basaula kobazuloa, Lokiz ekialdeko hegalean

Tartaloren bokata
Oraingoan, Tartaloren gordelekua dugu hizpide: Basaula kobazuloa!Erraza da joan-etorriko ibilbidea egitea Basaurako sakanean gora, haitzuloan sartu-irtena egitea eta honen ahoan ipuina ikusi: Maider eta Irune etxetik atera dira eta mendira doaz, baina badirudi Tartalo gose dela…Gero, atzera egin eta behin bidera itzulita, sakanean gora jarraitu dezakegu xendra hostotsu eta itzaltsuari jarraituz eta, bat-batean, sabai berdea ireki eta arte bakan eta handien soilgune batera iritsiko gara, Tartaloren ardiendako larreak?. Honen hasieran lurretik goratutako arroka batetik zintzilik, arte erdibitu aparta topatuko dugu, larrearen zaindaria?Ibilbideari buruzko xehetasunak:

  • Joan-etorria, osotara, 4 bat kilometro dira (arte erdibituraino jarraitzen badugu) eta kilometro inguru Basaula leizezulora eta itzuli.
  • Hemen mapa eta Basaula haitzuloaren kokapena.
  • Desnibela: 180 m arte erdibituraino
  • Leizezuloaren sarrera, soilik, da bisitagarria, beraz ez da eskuargirik behar.
  • Hemen informazio gehiago Basaura natur erreserbaren eta leizeko faunaren inguruan.








Eranskinak, bideo-ipuinak:

 

CC BY-SA 4.0

https://eranafarroa.eus/