Irailarekin batera, Mintzapraktikan ikasturte berria ere badator! Aurtengoa bereziki bizi, garrantzitsu, gogotsu dator. Azken bi urteetan ezinezkoa izan baita gure jarduna bere horretan, hala ere, 6800 lagun astero astero bildu izan gara.

Baina, noski, betikora itzultzeko gogoz gara: taldekideekin berriz elkartzeko eta MintzaPoza elkarrekin praktikatzeko. Horixe baita, finean, gure egitasmoen oinarria: MintzaPoza.

Mintzakide gehienak kafea hartzeko edo paseo bat emateko elkartzen dira. Baina, herriaren arabera, bestelako aukerak ere badira: mendi taldeak, Guraso eta familentzat taldeak,  Eskalada eta crossfit taldeak Hikalagun eta euskalkilagunek esaterako.

Mintzapraktika aukera paregabea da euskaraz gehiago aritu nahi dugunontzat. Mintzakide egitasmoak ez baitira soilik euskara ikasten dabiltzanentzat!

MintzaPoza

 

MintzaPoza sortzen digu astero elkartzeak, euskaraz lasai eta eroso aritzeko aukera izateak, akatsak egiteko beldur gabe edo euskara praktikatu nahi dugunokin astero elkartzeko prest dagoen Bidelagun bat izateak.

Bidelagunoi, berriz, euskara praktikatu nahi dutenekin astero elkartzen garen boluntariooi, gure ordu bete batek sortzen duen giroak ematen digu MintzaPoza, dakiguna partekatzeak, euskararen alde gure alea jartzen dugula sentitzeak.

Hainbat motibo

 

Bidelagun izatea aukera asegarria da. Probatu duten guztiek diote ematen dutena baino gehiago jasotzen dutela. Eta, egiazki, Bidelagunak ezinbestekoak dira egitasmo honetan, beraien ekarpenari esker euskaraz aritzeko aukerak sortzen dituztelako.

Horixe da Bidelagun askoren motiboa Mintzapraktikan hasteko baina MintzaPoza praktikatzeko mila arrazoi daude:

  • Carlos Goñi  Bidelagun aritzen da, euskaraz aritu nahi dutenei laguntzen, mendi-talde batean. “Pentsa! Honetan hasi nintzen euskaraz praktikatzeko eta orain ni naiz laguntzen dudana!
  • Edurne Gonzalez “ongi pasatuz euskara praktikatzea da ezagutzen dudan konbinaziorik onena!” Mintzapraktikakoak familia bat bezala direla dio eta  “babes horrek sekulako Mintzapoza ematen dit!” .

Bistan da denok dugula arrazoiren bat aurten MintzaPoza praktikatzeko. Zein da zurea?

 

Hainbat modu

 

MintzaPoza denok praktikatu dezakegu, helduek, gazteek, berritsuek, lotsatiek, kirola egitea gustoko ez dutenek, antzerkizaleek, gurasoak… gaitasuna izanez gero. Hainbat aukera eta modu daude Mintzalagun egitasmoetan parte hartzeko ezagutu itzazu hemen!  

Mintzapraktikan hasi nahi izanez gero eta MintzaPoza probatu, zure hurbileko euskara elkartera jotzea duzu aukerarik onena. 

Aurten bai! MintzaPoza praktikatzeko aukera eskura duzu. Hasi zaitez Mintzapraktikan, ematen duzuna baino askoz gehiago jasoko duzu! Aurten MintzaPoza praktikatu!