Nazkatuta zaude urtea beti berdin hasteaz? Nazkatuta zaude euskara kontrako eztarrira joaten zaizulako? Edo euskaraz egin nahi eta inguruan aukerarik ez izateaz?
Zuretzako soluzio perfektua daukagu: MintzaPoza praktikatu!! Mintzapoza praktikatu, euskaraz hitz egiteko dauzkazun mugak hausteko! Jendeak dio lehen ezinezkoak iruditzen zitzaizkien hainbat gauza egiten dituztela orain; euskaraz poteatzea, adibidez. Ezin hobea da nork bere buruarengan konfiantza, soltura eta maila hobea eskuratzeko. Berdin da euskaraz aritzeko lotsa gainetik kentzeko praktikatzen duzun, edo ahaztutako hizkuntza freskatzeko edo beste batzuei lagunduz euskarari ekarpena egitearren…
MintzaPoza praktikatzeko mila arrazoi daude, denok dugu geurea. Baina gauza bat argi dago: MintzaPoza praktikatzeak aktibo eta baikor sentiaraziko zaitu. Emaitza bikainak lortu nahi badituzu, zure koinatuari euskaraz ZASKA bat eman nahi badiozu, ez galdu aukera!
11 modu, 11 lagun, 11 plan
MintzaPoza denok praktikatu dezakegu, helduek, gazteek, berritsuek, lotsatiek, kirola egitea gustoko ez dutenek, antzerkizaleek, gurasoak… gaitasuna izanez gero. Hainbat aukera eta modu daude Mintzakide egitasmoan parte hartzeko. Ezagutu itzazu hemen! Astean behin, ordu betez praktikatu eta gozatu lagun artean. Probatu dutenek ez diote utzi praktikatzeari!
Gainera, asteroko hitzordu horietaz gain, aisialdian gozatzeko ekintza osagarriak ere egiten ditugu urtean zehar Euskal Herriko mintzakideok elkartzeko:
- Lehendabizikoa martxoan izaten da, sagardotegira irteera egiten dugu: Mintzatxotx
- Maiatza partean, Mintza Eguna ospatzen dugu, urtero herri ezberdin batean eta oso jai berezia izaten da.
- Abenduan, berriz, Durangoko Azokara irteera izaten da, elkarrekin euskal kulturgintzak ekarritako uztaz gozatzeko…eta egun pasa ederra egiteko!
Hiru horiek dira Euskal Herriko Mintzakide guztientzat antolatzen ditugun ekintza osagarri bateratuak. Eta, horietaz gain, Iruñerrian beste hainbat ekintza osagarri ere antolatzen dira: batzuk Iruñerrian dagoeneko antolatzen diren ekintza kulturalak baliatuz egindakoak izaten dira eta batzuk Mintzakide egitasmoak sortuak: hirirako izaten dira batzuk, baina eskualdekoak eta partekatuak ere badira. Azken hauen helburua Mintzakideen euskarazko sarea handitzea da, inguruko herrietako Mintzakideek elkar ezagutu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko. Giro paregabea sortzen da ekintzotan eta oso gustukoak izaten dira.
Urtarrila osoan izena emateko aukera
Sartu zaitez http://www.irunerrikomintzakide.eus webgunean.
Aurten bai! MintzaPoza praktikatzeko aukera eskura duzu. Hasi zaitez Mintzakiden, ematen duzuna baino askoz gehiago jasoko duzu! Aurten MintzaPoza praktikatu!
Iruzkinak